Archive for the ‘Uncategorized’ Category

1.Podcast-a, Marianoren Parranda

Gaur podcast-a landu dugu klasean eta bat egitera animatu gaitu irakasleak.

Askok gai serioak hartu dituzte baina osteguna da eta nik behintzat barre egiteko gogoak dauzkat. Hori dela eta, Mariano Rajoyrekin hitz egin dut minutu batez. Ez da munduko ezer, ez gara engainatuko, baina ordu bete daramat Audacityrekin lanean, beraz, ez eskatu gauza handirik.

Betiko moduan, Hitz eta Klik: Marianoren Parranda

A.Irazusta

Advertisements

Lan postu berri bat

Lehengoan, Proiektuko ikasgaian irakurtzeko testu nahiko luze bat eman ziguten. Baina irakurtzen nindoala, testua laburra egin zitzaidan. Lan postu baten inguruan zen: Community Managers. Seguruenik izena lanpostua baino berriagoa dela, baina tira esplikatu dezagun zertan datzan.

Gaur egun denok dakigu enpresek bere tokia nahi dutela interneten, eta sarean egoteak, iragarki on moduan jolastu dezake edo ez. Hala eta guztiz ere, sare sozialetan zure enpresarekiko iritziak egongo dira, nahi ala ez nahi. Beraz, nork kontrolatu behar ditu? Nork irakurri behar die? Nork erantzun behar ditu? Community Managersek. Baina erantzun esaten dugunean, ez du edozerk balio, prozesu bat jarraitu behar du: Erabiltzailearen kexa ulertu, zuzendariei komentatu, soluziobideak bilatu, agian erabiltzaile berari gomendioa eskatu, eta azkenean, aldaketak aurrera eraman.

Argi eta garbi, lan postu berri baten aurrean gaude. Sare sozialak eboluzionatzen duen erritmo berera eboluzionatu beharko du lanbide honek. Hala ere, guztiz beharrezkoa al da Community Managers bat enpresan? Ziur nago, enpresa askok uko egingo diotela erabiltzailearen iritziari, beste askok denbora pasa moduan ikusiko dutela honen zeregina, eta gutxik emango diotela eman behar zaion garrantzia. Beraz, enpresa asko maite beharko duzu lanbide honetan jarduteko. Azkenean zuk ematen duzu beraiengatik aurpegia interneten, eta hauek ez badute ongi erantzuten, zure irudia zikindua eta liraindua izango da. Zurea, ez beraiena.

Azkenik, esan behar dena da, ez daudela ikasketa zehatzak lanbide honetarako, baina karisma, arazoei aurre egiteko iniziatiba, eta interneteko azkenak dominatzearekin, nahikoa izango litzateke(gehiago). Eta irakaslearen azken galdera hau izan da: Hemendik zein izango litzateke Community Managers bat?. Ez dut besoa altxa. Gure ikasketek sare sozialak asko jorratzen dituzte, baina hala ere, lehen internet ez zegoenean, postaz jasotzen ziren kexak irakurtzen zuenaren lanbide berdina da hau, soilik ordenagailu baten aurrean egiten duzula.

Nik ez dut gustuko. Eta zuk?

A.Irazusta

Herri Kazetaria unibertsitatean

Tabernan pare bat garagardo hartu eta klasera joan nintzen. Pantailari begira nengoela, pixagura sartu zitzaidan, baina deskantsua egingo genuelakoan beste edozertan pentsatzen hasi nintzen. Leihotik begiratu nuen, euri zaparrada galanta, horrek ez zuen laguntzen. Irakasleari begiratu nion ea zertaz zebilen hitz egiten. Bideo bat jarri behar zuela esan eta nire salbamendua izango zela pentsatu nuen. Baina ez zen hala izan, bideoa Euskal herriko ibaien inguruan zen, ura, ura eta ura.

Azkenean, aulkitik altxa eta baimena eskatuz komunera habiatu nintzen. Bertan nengoela, tiroak eta oihuak entzun nituen. Burura etorri zitzaidan lehenengo gauza, hirugarren edo laugarren mailakoen film labur bat oso altu jarri zutela izan zen, beraz, nirera jarraitu nuen. Halako batean komunean pausuak entzun nituen, turkieraz hitz egiten zenbiltzan bi gazte ziren: erasmusak ote?. Komunetik atera nintzenean konturatu nintzen gertatzen zenaz, irakasle eta ikasleak bahitzeko intentzioarekin obretan lan egiten duten turko koadrila bat iskanbila sortzen ari ziren pasilloetan.

Weegee argazkilariaren antzera, argazkiak ateratzen hasi nintzen, garrantzia kendu nahian gertatzen ari zenari, baina batek ikusi ninduen beraz korrika egiten hasi nintzen. Beraiek onak direnez alperrarena egiten, dudarik gabe banekien irabaziko niela. Liburutegian sartu nintzen, eta bertatik mugikorrarekin Ertzaintzara deitzen nuen bitartean, aldizkari ezberdinetara emaila bidali nuen, argazki pare batekin. Facebooken lagunei gertatzen ari zenaren berri eman nien. Nire azken hitzak baziren, nahiago nuen aprobetxatu gertatzen ari zenaren inguruan aritzeko, komunikabideei morboa sortzen duten gezurrak kontatzeko aukera eman baino.

Ez nekien zenbat denbora neraman gela horretan sartua, baina urduri nengoen. Hori dela eta, FarmVille jokoa ireki nuen eta lasai asko tomateak landatu nituen. Halako batean, itzalak ikusi nituen ate azpitik, bihotzaren taupadak azkartu egin ziren, arnasketa ere. “Lasai Ertzaintza gara” entzun zen. Hitzak lasaitu beharko ninduten, baina batek daki zergatik ez zuten egin. Kanpora atera ginen,  turkiarrak atxilotuak zeuden eta nire lagunak barrez. Azken horiek betiko moduan, “living la vida loca”.

Hurrengo egunetan dei asko jaso nituen komunikabideen aldetik eskerrak emateko. Herri kazetari bihurtu nintzen, ja! Gomendatzen dizuet noizbait esperientzia hori bizitzera.

A.Irazusta

“Komunitatea” Iban Aranzabalen eskutik

Bisita oso interesgarri bat eduki dugu Huhezin: Iban Aranzabal. Mondragon Unibertsitatean Irakasle ikasketak egin zituen, eta Gasteizen Euskal Filologia ikasi zuen ere. Gaur egun, Goiena.net-eko ardura nagusia dauka eta Sustatun parte hartzen du. Berari buruz gehiago jakin nahi baduzue sartu bere blogean: Etxabarri.

Komunitatearen garrantzia izan da bere aurkezpenaren gaia. Askok zerri egiten dion erreferentzia galdetuko duzue, ba webgune, blog, aldizkari edo delakoa denaren helburuetako bat da komunitatea eraikitzea. Adibide gisa, Tokiko.tv-ek eskualde asko hartzen ditu kontuan, baina Jon Berezibarrek esaten zuen moduan “edukiak gomendatzen eta bertan zure iritzia jartzeko aukera duzunean, komunitatea sortzeko bide zabaltzen duzu”.

Goiena.net-eren kasuan, nahiz eta herri ugari bere baitan hartu: Antzuola Aramaia Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriaza, Leitza eta Oñati; lortu dute helburua eta egunean 2400 bisita jasotzen dituzte. Gainera, Bloga sortzeko aukera ematen dute, eta Usoa Agirrek zioen bezala “Bloga eskaparate ona da erabiltzaile horren ekintza jakitera emateko”.

Komunitatearen nolakotasuna izan da bere bigarren puntua. Adjektibo bati eman dio balio gehiena: Aniztasuna ideologian, izakeran, jokaeran… Aranzabalek “lerratua izateak audientzia galtzea dakar” esaten zuen, eta liskarrak edonondik edukitzea ona zela, horrek, ideologia bakar bat bultzatzen ez duzulakoaren seinale baita. Eneko Azkaratek ere hori bultzatzen zuen esaldi polit batekin: “denona eta denontzat” .

Aniztasuna lortu eta gero, estilo egoki bat bilatu behar dela zioen Aranburuk. Honela ba, telebista kritikatu zuen: “Narrazio hutsak ez du balio. Bertara joateak berria kontatzeko ez du balio. Zerbait berria behar da, originala! Askotan galdetzen dugu ea prentsaurrekoetara joateak merezi duen, denak berdinak baitira. Ez dira erakargarriak”. Iban Aranzabalek ikus-entzunezko ikasle guztien arreta irabazi zuen, bere iritzi, anekdota eta jolasekin. Ea zortea dugun eta beste behin etortzen den.

A.Irazusta

Hara!

Noiz edo noiz, ospetsu baten izena jarri dugu Googlen eta emaitza ugari jaso ditugu. Baina, zu, irakurle, ez bazara ospetsua, Googlek emaitzak edukiko al ditu zure izenarekin? Gure onura edo kalterako, seguruenik bai.

Proba egin dut, eta nire izen abizenak jarri ditut. Nire harridurarako orrialde pila bat azaltzen dira. Lehenbizi, nire Facebook kontua azaltzen da eta jarraian nire Twitterra. Hara! Honen ostean, “El Diario Vasco”ren orrialdera eramaten nauen esteka aurkitu dut. Ikusten denez, hemeroteka handia dauka webgune honek, izan ere, 2001.urtean nire ikastolarekin danborradan atera nintzela, izen guztiak publikatu zituzten aldizkarian, eta horiek oraindik ere gordeta dauzkate.

Aurrera egiten badut, nire Twitter lagunen helbideak azaltzen dira, baita Issun egin nuen kontua. Azken honekin, bigarren orrialdera noa. Mikelen bloga azaltzen da, baita Ibaiena ere, lagun moduan bainaukate. Blogekin jarraituz, historiako irakaslearen bloga azaltzen da, bertan iruzkinak jartzeko joera neukan eta. Facebook eta Twitter ez dira atzean gelditzen, lehiaketa bat dirudi, eta lagunen linkak jartzen dituzte beste behin.

Hirugarren orrialdean nago. Dagoeneko ez nau harritzen blogak azaltzea,  Twitterra, Facebooka… Baino, hara! Berriz ere “El Diario Vasco”ra esteka azaltzen da. Oraingo honetan, Teledonostiko festa batean egon nintzela eta, izendatzen naute. Ez dago gaizki jakitea.

Bederatzi orrialde ematen dizkit Googlek emaitza moduan, eta galdera bat datorkit burura: Esteka guztiak niri egiten badidate erreferentzia, ez al dago nire izena eta abizena duen inor munduan? Txikitan baietz esan zidaten, orduan, ez dute ordenagailurik? Ba al dago munduan ordenagailu batean ibili ez den inor?

Azkenik, irudietan klikatu dut. Blogean jarri ditudan irudiak, nire lagunen argazkiak… ezer garrantzitsua. Baina, zerbait garrantzitsua igo izan banu Facebookera? Edo mugikorraren zenbakia nonbaiten jarri izan banu? Ezizenak erabiltzen hasi beharko naiz? Zertarako? Baten bat nire bila al dabil? Hala bada, beldurtu beharko nintzateke?

Agian nik uste baino zailagoa da, mundutik desagertzea.

A.Irazusta

Kazetari ausartak

Orain dela zazpi urte “Egunkaria” izena zeraman Euskal Aldizkaria itxi zuten. Hori gertatu ostean, kazetariak eztabaidatzen hasi ziren, eta askok esandakoak izugarrizko txorakeriak izan ziren. (Horiek ikusteko klikatu:  Egunkaria la Reparación edo Hemeroteca de sandeces sobre Egunkaria ). Ziur kazetari adoretsuak kontsideratzen direla presoez barre egin zutelako.

Gaur, atxilotu zituztenak errugabeak direla esan du epaileak eta kazetari kementsuak isildu egin dira. Presoek galdu dituzten 7 urte horiek ez dituzte berreskuratuko, baina beraien inguruan esandako astakeriak hor jarraitzen dute, zuzendu gabe, noiz arte? Kazetari ausartak ez al daukazue zer esaterik? Zer errektifikatzerik? Barkamena eskatzerik? Burua jaisterik? Damutzerik?

Gogoan izan, hitzak haizeak daramatzala, ez sufrimendua.

A.Irazusta

Aurkezpena

Aurkezpen bat egin behar izan dugu. Garagardoa eta onurak da gaia,  hor doa esteka: Garagardoa.

A.Irazusta