Posts Tagged ‘blogak’

Hara!

Noiz edo noiz, ospetsu baten izena jarri dugu Googlen eta emaitza ugari jaso ditugu. Baina, zu, irakurle, ez bazara ospetsua, Googlek emaitzak edukiko al ditu zure izenarekin? Gure onura edo kalterako, seguruenik bai.

Proba egin dut, eta nire izen abizenak jarri ditut. Nire harridurarako orrialde pila bat azaltzen dira. Lehenbizi, nire Facebook kontua azaltzen da eta jarraian nire Twitterra. Hara! Honen ostean, “El Diario Vasco”ren orrialdera eramaten nauen esteka aurkitu dut. Ikusten denez, hemeroteka handia dauka webgune honek, izan ere, 2001.urtean nire ikastolarekin danborradan atera nintzela, izen guztiak publikatu zituzten aldizkarian, eta horiek oraindik ere gordeta dauzkate.

Aurrera egiten badut, nire Twitter lagunen helbideak azaltzen dira, baita Issun egin nuen kontua. Azken honekin, bigarren orrialdera noa. Mikelen bloga azaltzen da, baita Ibaiena ere, lagun moduan bainaukate. Blogekin jarraituz, historiako irakaslearen bloga azaltzen da, bertan iruzkinak jartzeko joera neukan eta. Facebook eta Twitter ez dira atzean gelditzen, lehiaketa bat dirudi, eta lagunen linkak jartzen dituzte beste behin.

Hirugarren orrialdean nago. Dagoeneko ez nau harritzen blogak azaltzea,  Twitterra, Facebooka… Baino, hara! Berriz ere “El Diario Vasco”ra esteka azaltzen da. Oraingo honetan, Teledonostiko festa batean egon nintzela eta, izendatzen naute. Ez dago gaizki jakitea.

Bederatzi orrialde ematen dizkit Googlek emaitza moduan, eta galdera bat datorkit burura: Esteka guztiak niri egiten badidate erreferentzia, ez al dago nire izena eta abizena duen inor munduan? Txikitan baietz esan zidaten, orduan, ez dute ordenagailurik? Ba al dago munduan ordenagailu batean ibili ez den inor?

Azkenik, irudietan klikatu dut. Blogean jarri ditudan irudiak, nire lagunen argazkiak… ezer garrantzitsua. Baina, zerbait garrantzitsua igo izan banu Facebookera? Edo mugikorraren zenbakia nonbaiten jarri izan banu? Ezizenak erabiltzen hasi beharko naiz? Zertarako? Baten bat nire bila al dabil? Hala bada, beldurtu beharko nintzateke?

Agian nik uste baino zailagoa da, mundutik desagertzea.

A.Irazusta

Advertisements

Blog munduan lehen pausoak

70 miloi bat blog daude munduan, 120.000 blog sortzen dira egunean, 1,4 blog segundoro, eta aldiz, nik lau edo bost irakurtzen ditut bakarrik eta gainera soilik noizehain behin. Bloga arrakasta handia eduki duen zerbait da. Egia da jende oso interesgarria dagoela munduan, eta hauen hitz, iritzi eta esperientziak irakurtzea oso entretenigarria dela. Baina 70 miloi blog badaude, nondik hasi?

Bere garaian,  komunikatzailea nintzen ni ere bai. Musika webgune batean bakoitzak bere “blog” antzeko bat sortzeko aukera zeukan, eta nik egin nuen. Baina, askotan denbora falta edo imajinazio falta zela eta, ez nuen idazten eta ixten bukatu nuen. Beranduago, fotolog-a blog modura erabiltzen hasi nintzen, hau da, nire bizitzako kontakizunak edota interesgarri iruditu zitzaizkidan eguneko berriak jartzen hasi nintzen.

Aspaldi pentsatu izan dut, fotolog hartan egiten nuena, benetako blog batean egitea, baina zure ingurukoek ez badute blog munduan murgiltzeko intentziorik, ezta blog-ak irakurtzeko zaletasunik, zertarako egin? Uste dut, asignatura honetan galdera honi erantzuna emango diodala eta hemendik aurrera, blog baten jabe izango naizenez  estrategia batean pentsatu beharko dudala jendea bertara sartu dadin.

Agian, nire egunerokoaren zeregin berri baten aurrean nago. Nork daki nire hobbia bihurtuko den edo ez. Argi dagoen bakarra da, gaur 70 miloi eta bat blog daudela munduan.

A.Irazusta