Posts Tagged ‘twitter’

Hara!

Noiz edo noiz, ospetsu baten izena jarri dugu Googlen eta emaitza ugari jaso ditugu. Baina, zu, irakurle, ez bazara ospetsua, Googlek emaitzak edukiko al ditu zure izenarekin? Gure onura edo kalterako, seguruenik bai.

Proba egin dut, eta nire izen abizenak jarri ditut. Nire harridurarako orrialde pila bat azaltzen dira. Lehenbizi, nire Facebook kontua azaltzen da eta jarraian nire Twitterra. Hara! Honen ostean, “El Diario Vasco”ren orrialdera eramaten nauen esteka aurkitu dut. Ikusten denez, hemeroteka handia dauka webgune honek, izan ere, 2001.urtean nire ikastolarekin danborradan atera nintzela, izen guztiak publikatu zituzten aldizkarian, eta horiek oraindik ere gordeta dauzkate.

Aurrera egiten badut, nire Twitter lagunen helbideak azaltzen dira, baita Issun egin nuen kontua. Azken honekin, bigarren orrialdera noa. Mikelen bloga azaltzen da, baita Ibaiena ere, lagun moduan bainaukate. Blogekin jarraituz, historiako irakaslearen bloga azaltzen da, bertan iruzkinak jartzeko joera neukan eta. Facebook eta Twitter ez dira atzean gelditzen, lehiaketa bat dirudi, eta lagunen linkak jartzen dituzte beste behin.

Hirugarren orrialdean nago. Dagoeneko ez nau harritzen blogak azaltzea,  Twitterra, Facebooka… Baino, hara! Berriz ere “El Diario Vasco”ra esteka azaltzen da. Oraingo honetan, Teledonostiko festa batean egon nintzela eta, izendatzen naute. Ez dago gaizki jakitea.

Bederatzi orrialde ematen dizkit Googlek emaitza moduan, eta galdera bat datorkit burura: Esteka guztiak niri egiten badidate erreferentzia, ez al dago nire izena eta abizena duen inor munduan? Txikitan baietz esan zidaten, orduan, ez dute ordenagailurik? Ba al dago munduan ordenagailu batean ibili ez den inor?

Azkenik, irudietan klikatu dut. Blogean jarri ditudan irudiak, nire lagunen argazkiak… ezer garrantzitsua. Baina, zerbait garrantzitsua igo izan banu Facebookera? Edo mugikorraren zenbakia nonbaiten jarri izan banu? Ezizenak erabiltzen hasi beharko naiz? Zertarako? Baten bat nire bila al dabil? Hala bada, beldurtu beharko nintzateke?

Agian nik uste baino zailagoa da, mundutik desagertzea.

A.Irazusta